Arrastoa uzten duten ekitaldiak

Egun, enpresek eta MICE turismoaren antolatzaileek helmuga berezi, zaindu eta erakargarriak bilatzen dituzte euren ekitaldietarako eta zerbitzu osatuak eta kalitatezkoak eskaintzen dituztenak. Ekitaldi sortzaile eta originalak egiteko tokiak, neurriko prezioetan eta inguru eder eta xarmangarrietan. Hori guztia eta gehiago eskaintzen du Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak, besteak beste, bertako ardoen, upategien eta gastronomia oparo eta askotarikoaren bidez samurtzen gaituen lurraldeak.

Arabako Errioxa egundoko mahastia da, han-hemenka Erdi Aroko herri eta herrixkak dituena. Kultura, gastronomia eta natura herentzia handiko tokia, duen mikroklima pribilegiatua dela eta,  mahastizaintzarako ezin aproposagoa da, eta baita bisitan ikusteko ere.  Estatu mailan zein nazioartean, kalitatezko ardo ekoizleen eskualdeen artean erakargarrienetakoa da, eta ezinbesteko jomuga usain, zapore, paisaia eta sentsazio berrien bila dabiltzan bisitarientzat.

Arabako Errioxan elkartzea gure kultura bizitzea da, bertako jendea ezagutu eta  eskualdeko bizitza sozialean parte hartzea, mahastiak eta ardoak gure lurraldeko eguneroko jardueraren parte baitira. 

Arabako Errioxak ardoaren munduarekin zerikusia duten aukera amaiezinak eskaintzen ditu. Euskadiko sukaldaritzaren sustraiei men egiten dien gastronomia ahogozatu ahal izango duzu. Abangoardia eta tradizioa, Euskal sukaldaritza eta Errioxakoa era paregabean uztartzen dituen gastronomia. Zalantzarik gabe, bertako ardo ospetsuak gozatzeko laguntzaile aparta.

Hemengo jendea ahaztu gabe. Abegikortasuna eta berotasuna dira gure berezko ezaugarriak. Eta edonork sumatuko ditu ezaugarri horiek Ibilbideari atxikitako establezimenduak bisitatzean  edo gure herrietako kaleetan zehar ibiltzean. Lurraldea osatzen duten hamabost udalerrien arteko distantzia laburrek ahalbidetuko dizuete, bertako parajeak korritu eta paisaia zoragarriak gozatu bitartean, ardoaren kulturan murgiltzea.

Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideak 140 enpresatik gora ditu, estatukoak zein nazioartekoak, eta horien artean ditugu honakoak: enoturismo jardueratarako eta bileretarako ezin hobeki prestatu eta egokitutako azpiegiturak dituzten upategiak, kalitate bikaineko alojamenduak, jatetxeak, garraio enpresak, bidaia agentziak eta enpresa, aisialdi edo turismoko jardueren antolakuntzan ari diren enpresak.

Ibilbidea 2006. urtean sortu zen Arabako Errioxan Turismoa Sustatzeko Elkartearen sustapen instituzionalarekin. Elkarte honek eskualdea erreferentziazko jomuga izan dadin batzar, biltzar eta pizgarri bidaien antolakuntzan lan egin du.