Jaiak eta ekitaldiak - FESTAZ FESTA ARABAKO ERRIOXAN BARNA

Ruta del Vino de Rioja Alavesa

Jaiak eta ekitaldiak

FESTAZ FESTA ARABAKO ERRIOXAN BARNA

Jaiak eta ekitaldiak

Asko dira urtean zehar Arabako Errioxan ospatzen diren festak, eta gehienak ardoarekin daude lotuta. Urteko hitzordu horietan lehena Uztaberri Eguna izaten da, otsailean, Lapuebla de Labarcan. Upategietako ateak zabalik izaten dira festa handi horretan, urteko lehen ardo gazteak ezagutarazteko.

Martxoaren bukaeran Arabako Oliba Olioaren Festa izaten da Moreda Araban, Lantziegon eta Oionen. Alditik aldira gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den ospakizun da, eta era berean Arabako Errioxako oliba olioa gero eta ospe handiagoa hartzen ari da. Oliba Olio Birjina Estra da (OOBE), Eusko Label kalitate-zigilua jaso du, eta Arroniz oliba barietatea erabilita egiten da, eskualde honetako barietate esklusiboa. Feria horretan dastatze komentatuak egiten dira, dolareetara bisitaldiak, kale animazioa izaten da, eta olio mota honekin egindako pintxo eta platerak dastatzen dira. Produktua bisitariari hurbiltzea da honen guztiaren helburua, ezagut dezan eta bere ezaugarri apartak goza ditzan.

Aste Santua ere eskualdeko hitzordu garrantzitsua da, hainbat erlijio ospakizun eta mendetako tradizioak barnebiltzen ditu-eta.

Uda garaian, eguraldi ona lagun, herri eta upategietan izaten dira ekitaldi eta festa asko eta asko. Horiek bizirik mantentzen dituzte herri horietako ohiturak eta ezaugarriak. Musika jaialdiak ere izaten dira, esate baterako Musika Mahasti artean, eta antzerki ikuskizunak ere bai. Antzerki ikuskizun horien artean ezagunena Samaniegoko Herrixka da, bertako bizilagunek antzeztua, eta eskualdearen jatorriaren ingurukoa.

Herrietako zaindariaren jaiak ere uda partean ospatzen dira. Hilabete horietan bisitaldi antzeztuak egiten dira, eta mota guztietako ekitaldi ludiko, kultural eta kirol arlokoak izaten dira. Alor honetan aipatzekoak dira Herri Olinpiadak. 2012an egin ziren lehenengoz Leza eta Navaridasen, eta izaten duten arrakasta

Uda bukatutakoan, Mahats-Bilketaren jaia ospatzen da eskualdean, ardoarekin lotutako gertaerarik garrantzitsuena, pozez eta kolorez blaitua. Irailean zehar ospatzen da, urte bakoitzean Arabako Errioxako herri batean. Festa honek bere baitan barnebiltzen ditu musika, dantza, gastronomia, herri-dastatzeak, eta mahasti eta upeldun lur honetako kultur eta ohitura guztiak.

Une horretatik hasten da Arabako Errioxan mahats-bilketa, urteko sasoirik berezienetakoa. Ardoa egiteko prozesuaren hasiera markatzen du, mahastiek beren fruituak ematen dizkiguten garaian, eta paisaia kolore gorrixkaz janzten denean. Goia jotzen du orduan landetako eta upategietako lanak. Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbideko hainbat upategik eta bestelako establezimenduk aukera ematen dute iraila eta urrian zehar zenbait lanetan parte hartzeko, hala nola, mahats bilketan edota ardoa egiteko prozesuan.

Bestelakoak jardunaldi gastronomikoek osatzen dute Arabako Errioxako festa egutegia, hala nola, pintxo txapelketak, artisautza merkatuak, eta urte osoan zehar geure herrietan ospatzen diren kultur ekitaldiak.

Zure sareetan zabaldu

Laguntzaileak

Diputación Foral de Álava
Gobierno Vasco
Euskadi - Basque Country
Cuadrilla de Laguardia - Rioja Alavesa
Vital Fundazioa

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diruz lagundua

Hizkuntza politika